Korrika zerbaiten alde

Munduan zehar hainbat erreibindikazio egiten da korrika eginda. Euskal Herrian, adibidez, milaka eta milaka euskaltzalek euskararen alde egiten dugu korrika urte birik behin, Korrikan. Aurtengoa ere itzela izan da, mundiala! Are mundialagoa Korrikaren hasieran desobedientzia ekintza bati eskerrak 36 migratzaileri muga zeharkatzen lagundu zitzaielako. Hortxe beste erreibindikazio bat. Ikaragarri gustatu zitzaidan horren harira Gari Garaialdek twitter-en idatzitako txioa: gure bizitzari zentzua ematen dion gauzarik bada, hau da haietako bat (…) Euskarak ez du Bidasoan mugarik ezagutzen eta jendeak ez du Bidasoan hesirik merezi.  

Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideek ere ez dute hesirik merezi, eta horiexen alde ere egingo dugu korrika Lasterbidean ekimenaren hamargarren edizioan. Aurten, gainera, gure eskualdean egingo da lasterketa, Abadiñon, ekainaren 14an eta 15ean. 

Urtero emakumeon eskubideen alde ere egiten dugu korrika. Lilakrosean (Martxoak 8) eta Emakumeen Lasterketan (Azaroak 25), eta tinko jarraituko dugu geure erreibindikazioekin. 

Azken urteetan beste hainbat lasterketa ere sortu da, jendartean kontzientzia eta sentsibilizazioa pizteko, eta erronka sozialei aurre egiteko. Hortxe daude gaixotasun arraroen aurkako lasterketak, ELAren kontrakoak, haur minbiziaren kontrakoak… eta, aldi berean, pertsonaren duintasunaren aldekoak.

Amaitzeko, mendi lasterketa solidario bat aipatu gura nuke: Gamiz-Fikako Burdin Hesiko Lasterketa. Proba honek kultura, memoria historikoa, kirola eta natura batzen ditu, baina batez ere lasterketa solidarioa da. Bertan batzen duten dirua Ezkerraldea-Gurutzeta ESIari emango diote, minbizi eta gaixotasun kronikoen kasuetan laguntza pediatrikoaren arreta humanizatzeko. Lasterketa ekainaren 22an da eta hantxe izango gara.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!