Aurreko zapatuan beste familia handi eta eder bategaz egin nuen korrika, Azpeitiko parajeetan, Izarraitz mendilerroan, Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketetako antolatzaileek gonbidatuta. Emakumeei zuzenduriko entrenamendu saioa zen, 16 bat kilometrokoa, eta harrituta geratu nintzen zenbat emakume batu ginen. 70 inguru! Nigaz egindako saioaren aurretik, beste bi ere egin zituzten aste batzuk lehenago: Malen Osa oñatiarragaz lehenengoa, eta Ainara Urrutia aretxabaletarragaz bigarrena. Laugarren eta bosgarren bat ere egingo dituzte. Ekimeneko arduradunetariko batek esan zidan urte batzuk barru 15 MLK lasterketako korrikalarien erdiak emakumeak izatea dutela helburu. Benetan poztekoa litzateke!
Ekimen ederrak dira emakumeak mendian korrika egitera animatzeko zein beste edozein kiroletan bultzadatxo bat emateko. Apurka-apurka geroago eta emakume gehiago ikusten dugu kirola egiten, bai errepidean bizikletan, bai asfaltoan korrika, mendian, saskibaloian, futbolean… Jarrai dezagun horrela! Jarrai dezagun Durangoko Emakumeen Lasterketa egiten azaroaren 25ean, Lilakrosa Martxoaren 8aren bueltan, eta beste hainbat proba gehiago Durangaldeko eta Euskal Herriko txoko-bazter guztietan.
Horretarako, ume-umetatik hastea ere garrantzitsua da. Sasoi batean, arrazoi bategaitik edo besteagaitik, emakume askok ez zeukaten aukerarik kirola egiteko. Ezta eskubiderik ere! Gaur egun neskatilek badute aukera, baina, hala ere, kirol askotan mutikoen kopurua askoz ere handiagoa da. Xakea da adibideetariko bat, eta pena da. Baina seguru nago xakean ere egingo dugula bidea.