20tik 45 kilometrora bitarteko probak izan dira, 2.000 metrotik gorako hainbat mendi igo behar izan dugu, eta era guztietako ibilbideetan ibili gara: gailurrerietan, glaziarretan, via ferratetan, ibilbide arrokatsuetan, zelaietan, basoetan…
Sailkapen nagusiari dagokionez, nesketan Clementine Geoffray frantziarrak irabazi du, merezimendu osoz. Lasterketa bi irabazi ditu, beste batean bigarren geratu da, eta finalean laugarren. Kontuan hartuta aurten munduko txapelduna ere izan dela Innsbrucken (Austria), txapela kentzeko moduko denboraldia egin du. Bejondeiola. Karina Carsolio mexikarra sailkatu da bigarren, eta Iris Pessey frantziarra hirugarren.
Pena apur bat hartu dut Pesseygaitik, zorte txarra izan duelako. Bikain hasi zuen Kopa, lasterketa bi irabazita, baina ezin izan du finala ehuneko ehunean lehiatu, lesionatuta heldu delako. Mutiletan, korrikalari espainiar bi nabarmendu dira beste guztien artean. Antonio Martinez izan da txapelduna, eta Manuel Merillas bigarrena, aurtengo Zegama-Aizkorriko irabazlea.
Dagoeneko erabakita daude 2024ko Skyrunner zirkuituko lasterketak. Hogei izango dira guztira, hamahiru herrialdetan. Ilusio handia dut etxekoan parte hartzeko, Gorbeia Suzienen, eta badut esperantza Italiako batera ere joateko, Trofeo Kimara, baina ez dut Kopako zirkuitua lehiatuko berriro. Esfortzu handia eskatzen du, handiegia niretzat gaur egun. Kopari agur esateko ordua dela pentsatu dut, ziklo hori amaitzeko ordua dela. Ur gaineko bitsetan nago orain arte lorturikoagaz, eta ikaragarri baloratzen dut parte hartu dudan sei urteetan lehenengo hamarren artean sailkatzea.