Lasterketa bertan behera

Mendiko korrikalaria irrikan egoten da lasterketa eguna noiz etorriko. Egun ederra izaten da, eta, lasterketa etxetik urrun bada, asteburua pasatzeko aprobetxatzen dute askok, edo oporrak antolatzeko.

Han-hemen antolatzen diren probak ondo irteten dira normalean, arrakastatsuak izaten dira partaidetza zein giro aldetik, eta horietan berriro parte hartzeko gogoa izaten dugu sarritan. Baina zer gertatzen da lasterketa edo dena delako proba bertan behera geratzen bada? (Normalean eguraldi txarragatik izaten da).

Asteburu honetan gertatu zait, Panticosan, Valle de Tena mendi lasterketan. DANA denboralearen ondorioz, lasterketako antolatzaileek erabaki zuten zapatuko lasterketa biak, 4K (maratoia) eta 8K (ultramaratoia), bertan behera uztea. Eta eskerrak, zapatuan ezertarako ere ez zegoelako giro! Gutxiago mendian ibiltzeko. Halakoetan, denen segurtasuna bermatzea da beti lehentasuna, zoritxarrari batere zirrikiturik utzi barik, eta ondo harturiko erabakia da.

Eguraldi txarrak behin baino gehiagotan baldintzatu du kirol proba bat baino gehiago. Aurten, esaterako, Zegama Aizkorri maratoian aldatu egin dute ibilbidea, eta alderik arriskutsuena kendu. Urte batean, Sorginen Lasterketak Anbotori bisita egin barik geratu behar izan zuen. Italian ere geratu naiz inoiz probako tontorrak zapaldu barik eguraldi txarragatik, baina hala izan behar du. Mendian, eta beste edozein kirol diziplinatan, arriskuak saihestu egin behar dira, eta eguraldi txarraren ondorioz antolakuntzakoek harturiko erabakiak onartu eta zentzuz jokatu, kirolak beste albiste txarrik ekarri ez dezan. Txinako mendi lasterketa batean 21 lagun hipotermiaz hil zireneko albistea, adibidez, txingorraren, haize bortitzen eta euri izoztuaren ondorioz. Edo oraintsu Irlandako Ironman batean triatleta bi hil direnekoa trumoi-ekaitz baten ondorioz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!