Beste era bateko sariak ere ikusi ditut han-hemenka, asko oso kuriosoak. Japonian, aizto luze eta zorrotz-zorrotz bana eman ziguten, eskuetan edukitzeak beldurra ere ematen duena. Italiako lasterketa batean, ia ni baino handiagoa den bidaia-maleta bat eman zidaten. Arran erraldoia ere ekarrita nago, non sartu ere ez dakidana. Azken sarietariko bat, Asturiasen, baserritarrek behiak batzeko erabiltzen duten aulkitxo bat, IKEAn aurkituko ez duzuen horietariko bat, Andoni Egañak txapelketa nagusi batean polito bota zuen moduan. Sari politak dira, erabilgarriak batzuk, baina gurago ditut eskuz egindakoak. Askoz ere ilusio handiagoa egin zidan Etxera Trailen euskal preso politiko batek eskuz egindako garaikurra jasotzeak orain urte batzuk, edo Ubidestroi lasterketan gure osaba Angelek landuriko urretx makila.
Azkenaldian, Euskal Herriko probetan bertako ekoizleen produktu ekologikoak dira sariaren parte bat. Sari ederragorik! Gainera, zero kilometroko elikagai horien bitartez, aztarna ekologikoa txikiagoa da eta tokiko ekonomiaren alde egiten dugu. Baina, jakina, euskaldunontzat sari nagusia, preziatuena, txapela da, txapel beltz handia, bere bordatuekin. Txapeldunari, txapela.