Anbotokide

Beste testu bat nuen idatzita, Sariak izenburukoa (hurrengo zutaberako gordeko dut), baina bien bitartean sari bat egokitu zait, asteburu berezi honi erremate ederra eman diona, eta hori partekatu gura dut Anbotoko irakurleekin.

Asteburu berezia izan da niretzat, bai. Gure familiarentzat. Aita zenari, ‘Azkorbe’-ri, azken agurra egin diogu herrian, eta horregatik izan da berezia. Zapatuan omenalditxoa egin genion herriko frontoian, eta, zer esan! Itzela izan zela, besterik ez. Eskerrik asko etorri zineten denoi. Domekan, aita jaiotako baserrian, Urkiolako Letonakortan (Txabolakoa guretzat), pago bat landatu eta aitaren errautsak lurperatu genituen familia artekook. Txitxiburduntzia eginda eman genion amaiera Urkiolako ekitaldiari.

Urkiolatik bueltan, arropa usaintsuak erantzi, dutxa bat hartu, eta Bilborako bidea hartu nuen Alluitz semeagaz. Dotore-dotore joan ginen, San Mamesera, hango palkora, Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidua ikustera, Alluitz Athleticeko kamisetagaz eta bufandagaz, eta ni Zorrotz-eko kamiseta jantzita. Ez naiz oso futbolzalea, semea bai, baina Anbotokide izateagatik sarrera bi egokitu zitzaizkidan zozketan, eta ezin, ba, Anbotok ematen duen aukera eder hori galdu. Giroa mundiala izan zen futbol zelaian, eta gure kasuan, gainera, nahi beste jan-edan izan genuen aukeran, doan. Ondo berdindu nuen sabela, kalimotxo eder eta guzti. Semeak izozki bigaz nahikoa izan zuen.

Anbotokide izateak abantaila asko du; Durangaldeko hainbat denda eta komertziotan merkeago erosi ditzakegu produktuak, hainbat zozketatan parte hartu dezakegu, eta, bide batez, Anbotokide izanda bultzada handia ematen diogu Anbotori, Durangaldean euskara hutsez idatzitako astekari bakarrari. Ni neu harro nago proiektu horren parte izanda (aita ere bazen), eta denak animatu gura nituzke Anbotokide egin daitezen, merezi du eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!