Etxera Trail ez da ohiko lasterketa bat, aldarri bat da batez ere, Euskal presoen aldeko aldarria. Eta lasterketa izateaz gain martxa ere bada.
Kirola eta aldarrikapena uztartu nahian antolatu zen lehenengo Etxera Trail. Helburua, ahalik eta herritarrik gehien Euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoen auzian inplikatzea da, konprometitzea eta aktibo bilakatzea. Horregaitik, herritarren parte hartzea eta inplikazioa handia izan dadin eta inor kanpoan geratu ez dadin, adin guztientzako moduko ibilbideak antolatzen dira bertan. 16 km-ko lasterketa, 16 km-ko martxa eta 6 km-ko martxa txikia.
Aurtengoa, gainera, ekitaldi berezia izango da, urte biko 'eten' baten ostean berriro egingo baita lasterketa normaltasunez. Gainera, 2023ko Etxera Trail berritasunekin dator, aurten 'banderola' eraldatu bat estreinatuko da bertan. Euskal presoen sakabanaketa bukatzear dagoen honetan, betiko banderola zaharkitua geratu da eta beharrezkoa zen berri bat sortzea. Irudi berriak ez du Euskal Herriko maparik izango, geziak bakarrik, eta “etxera” hitza soilik eramango du. Euskal preso eta iheslarien gaian oraindik gauza asko eta asko egiteke dauden arren, betiko banderolaren irudi aldaketa honek gauzak bide onetik doazen sentipena ematen digu. Ni neu oso pozik sartuko naiz Gernikako helmugan banderoIa berria eskuetan dudala. Ia etorkizunean ez dugun banderolarik ikusten gure herriko balkoietan!
Beraz, domeka honetarako oraindik planik ez baduzue badakizue nora joan! Gernikan ikusiko dugu elkar!