Anekdotak

Bizitzako beste arlo askotan lez, mendi lasterketetan ere gertatzen dira anekdotak eta bitxikeriak han-hemenka. Asko nire izen-abizenak direla-eta gertatu zaizkit. Oihane deitu didate behin baino gehiagotan, Oihana Kortazar ere bai, erratuta. Eta nire abizenarekin azelako komeriak, batez ere nazioarteko probetan mikrofonoa eskuetan dutenek. Long eta difficult ei da, luzea eta zaila ahoskatzeko. Ez dakit sekula ondo esan duten. Zuzentzen ahaleginduz gero ere alferrik. 

Anekdota kurioso bat, Italian, Susa herrian. BEI K3 kilometro bertikalaren bezperan, igo behar genuen mendiari buruz berba egiten hasi zitzaidan hango gizonezko bat, italieraz. Rocciamelone deitzen dela mendia, santutegi bat dagoela tontorrean, eta Juan Pablo II.a Aita Santua goialde hartan ibili zela. Aita Santua kirolaria zela eta oinez igo gura zuela, baina azkenean helikopterotik ikusi behar izan zuela tontorreko Ama Birjina. Lasterketa egunean, korrikalari nafar bat helikopteroan bajatu behar izan zuten, oinaztarri batek goitik behera zeharkatuta. Zorionez, ez zitzaion ezer larririk gertatu. 

Bulgariako Pirin Extreme lasterketan, aurten, hiru-lau kaletxakur bidelagun izan ditugu korrikalariok. “Hona be ekarri dozuz txakurrak, ala?”, galdetu zidan Munduko Kopan argazkilari lanetan dabilen Julen arrasatearrak. Helmugaratu nintzenerako txakurrak han zeuden, ez dakit gure aurretik joanda ala buelta erdi hartuta.

Norvegian, Tromso Skyrace lasterketan, helmugaratu ostean lurrean jesarrita nengoela ikurrina eskuetan, jatorri afrikarreko gizonezko bat hurreratu zitzaidan. Gaztelaniaz esan zidan urte askoan Durangon bizi izan zela, bertan lan egiten zuela, eta orain Norvegian bizi dela. Ikurrina seinalatu eta galdetu zidan, gaztelaniaz: Bilboko bandera da, ezta?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!