Piperpotoarekin ni ez!

Udan batek baino gehiagok zoriondu nau munduko txapelketa irabazi dudalakoan. Munduko Kopako proba bi irabazi ditut, ez munduko txapelketa, eta horrekin nahastu dira. Nik nekez irabaziko dut txapelketa, horretarako piperpotoaren (Espainiako bandera) selekzioarekin joan beharko nukeelako derrigorrez, eta hori zama handiegia da niretzat.

Euskal kirolari asko batu da Espainiako selekziora, bakoitzak jakingo du zergatik eta zertarako, eta ez dut inor horregatik kritikatuko, askoren kasuan euren kirol ibilbide profesionala dagoelako jokoan (mendiko lasterketetan ez), baina nik neuk ezergatik ere ez dut kamiseta hori jantziko eta Espainia ordezkatuko, ez ditudalako kolore horiek neure sentitzen eta nire soinean piperpotoa ikusita bakarrik gaixotu ere egingo nintzatekeelako (beti kendu izan dut dortsaletik). 

Asteburu honetan mendi lasterketen Skyrunning munduko txapelketa jokatuko da, Italian, eta, berez, Espainiako Federazioaren hautaketa irizpideak kontuan hartuta, bertan egon behar nuke, emaitzei dagokienez behintzat (Skyrunner Munduko Kopako garaipenengatik), baina ez didate deitu. Eta pena itzela dut, harro esango nielako, beste behin ere, ez dudala eurekin parte hartuko, ez naizelako espainiar sentitzen. Baina aldez aurretik ere ondo dakite nire erantzuna, beste zenbait korrikalari euskaldunena ere bai, eta Federazioak komunikatu batean plazaratu zuen ez dietela deituko plazari uko egin diezaioketen korrikalariei. Horretan azeri jokatu dute eta satisfazio hori kendu didate. Pena.

Baina pena handiagoa hartu dut korrikalari euskaldunen bat edo beste engainatuta sentitu dela eta haserre dagoela ikusita, zer eta Espainiako selekziotik kanpo geratu delako. Kontuak kontu, nire ustez piperpotoarekin joatea atzerapausoa da euskal selekzioaren ofizialtasunerako bidean, eta Ander Iñarra taldekideak Berrian idatzi zuenaren haritik, nekez lortuko dugu ofizialtasuna denok eta batera arraun egin ezik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!