Irene

Irene Sarrionandia Unzueta Zornotzako Oromiño auzoan jaio zen,  Zuetzagoiti baserrian, 1948ko abenduaren 8an. Umetan Abadiñoko Mendiola auzoan asko egoten zen, Intxalde (Intxaurralde) baserrian (hangoa du familia), eta ondo ezagutzen ditu Anbotoren eta Alluitzen altzoko parajeak.

Irenek 73 urte ditu, 45 urterekin hasi zen mendian korrika, eta harrezkero makina bat lasterketatan parte hartu du: Gorbeia Suzienen, Anbotoko kilometro bertikalean, Zegama-Aizkorrin (hamaika bider)... Azkenengoz, Izaban elkartu naiz berarekin, orain asteburu bi, Camille eXtreme lasterketan. Izabako lasterketako edizio guztietan parte hartu duen korrikalari bakarra da. Aurten, hamaseigarrenez ipini du dortsala bertako proban, eta antolatzaileek bere izena ipini diote lehenengo emakumezkoaren sariari. Proba gogorra da Izabakoa, Ezkaurre mendia (2.047 m) igotzen da, eta 31,5 kilometrotan oso tarte teknikoak daude. Baina Irene sasoi betean dago eta proba sei orduren bueltan amaitzeko asmoa zuela esan zidan lasterketa bezperan. Esan eta egin. Bere burua ondo ezagutzen duen seinale. 

Inbidia ematen du Irenek, inbidia sanoa. Bere adinean mendian korrika ibiltzeak bizipoza ematen dio eta hala jarraituko duela dio, mendian gora eta behera, osasunak laguntzen dion artean. ETBko Helmuga programan esan zuen bizirik jarraitzeko egiten duela korrika. Uda ostean, Ubideko Ubidestroi mendi lasterketan parte hartuko du, irailaren 10ean, eta ea han ere bat egiten dugun. Irenek meritu bikoitza du, 55 urterekin minbizia gainditu zuen eta. Harrezkero, geratu ere ez da egin, kirola barru-barruan darama eta. Korrika egitetik aparte, bizikleta zalea ere bada, eta judoa ere ondo ezagutzen du (gerriko beltza du). 

Kirolean, eta bizitzan orokorrean, sekula ere ez dut idolorik izan, ez naiz mito zalea, baina Irene andra eredugarria iruditzen zait. Neuk ere ilusioa dut, bere antzera, gorputzak nahikoa esan arte mendian ibiltzeko, ahal dela korrika. Bejondeizula, Irene.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!