Euskal Selekzioaren etorkizuna kolokan

10 egun joan dira ezusteko ohar hura sare sozialetan ikusi nuenetik eta oraindik gaia pil-pilean dago. Pare bat urte daramatzat Euskal Selekziotik kanpora lehiatzen, baina beti mantendu izan dut oso harreman estua bertako kideekin, eta azkenengo hileetan zerbait entzunda neukan zuzendaritza berriarekin izandako gorabeherei buruz. Banekien komunikabide arloa zeramaten kide biak kanporatu egin zituztela, esaterako. Banekien zuzendaritza berria ez zegoela ados egungo hautatzaileekin hainbat arlotan, eta hori dela-eta hautatzaileetariko batek bere kabuz taldea uzteko erabakia hartu zuela. Eta banekien datorren urtera begira, oraindik karguan jarraitzen zuten hautatzaileek gogoa zeukatela taldearekin aurrera egiteko, eta, horretarako, zuzendaritzari euren proiektua helarazi nahi ziotela.

Baina azkenean ez da posible izan. 2022ko denboraldiari begira, zuzendaritza berriak eta hautatzaileek batzar bat izan zuten, baina, ‘egun on’ esan orduko, kanporatu egingo zituztela esan zieten biei, eurekin “feeling”-ik ez zegoela eta”. Hortxe amaitu zen dena. Astebete geroago, zuzendaritza berrikoek azalpen gutxi batzuk eman zituzten euren web orrian: Euskal Selekzioak “talde zabalagoa eta gardenagoa” izan behar duela. Bada, orain arteko selekzioa baino talde zabal eta gardenagorik! Korrikalariak hautatzeko irizpideak ere eman zituzten. Baina gauza berririk ez, orain arte ere antzeko irizpideak jarraitu izan dira eta.

Oraindik inork ere ez du ulertzen zuzendaritza berriak zer asmo duen aurrera begira. 20 urtean geurea izan den Euskal Selekzioa hile gutxi batzuetan zakutik hartzera bidali dute eta berdin izan zaie. Aldaketak egitea ez da inoiz ere izan txarra, baina denen artean erabaki behar dira aldaketak. Gauzak horrela, nik ere selekzioko korrikalariekin bat egiten dut eta uko egingo diot egungo Euskal Selekzioarekin lehiatzearekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!