Datorren urtean gehiago

Mendiko lasterketen Munduko Kopak domeka honetan egingo dio agur aurtengo denboraldiari, Italian. Hamalau lasterketa izan dira guztira: ia denak Europan.

Kopako sailkapen nagusirako, korrikalari bakoitzaren lau emaitzarik onenak baino ez dira kontuan hartuko eta ia hasieratik korrikalari bi nabarmendu dira: Denisa Dragomir errumaniarra nesketan (4 garaipen), eta Christian Mathys suitzarra mutiletan (3 garaipen). Azken lasterketak korritu barik ere, argi egon da eurek irabaziko zutela txapelketa, eta horrek gatzik eta piperrik barik utzi du lehiaketako azken txanpa sailkapen nagusiari dagokionez. Bestalde, ulertzekoa da antolatzaileek araudian hain lasterketa gutxitako puntuak kontuan hartzea, jakin badakitelako gaur egun bidaiatzea astuna, gogaikarria eta nekagarria egiten zaiela korrikalariei,hainbeste kontrol eta PCR proba tarteko. Kontu horiek aparte utzita, nik neuk ikaragarri gozatu dut aurtengo Munduko Kopan. Austrian lasterketa zoragarri bi ezagutu ditut; Andorran familiarekin oporretan egon nintzen lasterketa aitzakia hartuta; Italian Hillary Gerardi korrikalari eta lagun amerikarrarekin bat egin nuen aspaldiko partez, nahiz eta lasterketan ziztu bizian alde egin zidan; Gorbeia Suzien lasterketa eta asteburu osoa egundokoak izan ziren; Frantziako Alpeetara nobiotan lez joan ginen, furgonetan, paliza ederra hartuta, semeak aitita-amamekin utzita; taldekoekin hartu-emana estutu dut; euskal selekzioko lagunekin karrera batzuetan koinziditu dut... Ezin gehiago eskatu. Gainera, emaitzek ere lagundu dute. Hiru bider zapaldu dut podiuma, eta erregulartasun horri esker posible da sailkapen nagusian podiumean amaitzea, Italiako azken proban parte hartu ez arren. Fisikoki eta mentalki nekatuta amaitu dut, eta jakin egin behar da atseden hartzen, adinean aurrera goaz eta. Gaztetako txispa galdu dudala onartu beharra dut eta datorren denboraldiari begira lasterketa bizkorrak utzi, eta iraupen luzeagokoei ekingo diet.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!