Munduko Kopa martxan

2021a motel hasi zen mendiko lasterketei dagokienez, baina badirudi apurka-apurka martxa hartzen hasi dela. Euskal Herrian zenbait lasterketa egin da urte hasieratik hona, eta irail eta urrirako beste asko daude antolatuta.

Beste horrenbeste esan dezakegu mundu mailako lasterketez ere. Munduko Kopa edo Sky World Series zirkuituari dagokionez, lehenengo proba apirilean jokatu zen, Japonian. Korrikalari gutxik izan zuten hara joateko aukera. Koronabirusak eragindako egoera dela-eta Munduko Kopa eraldatu egin behar izan dute eta hainbat lasterketa bertan behera geratu da. Ekainetik aurrera, ostera, badirudi lasterketak berpiztu egin direla, egoera “lasaitu” egin dela, eta zabaldu egin dela atzerrira korritzera joateko aukera. Horren adibide dira azkenengo asteburu bietan jokatu diren lasterketak, Italian eta Austrian. Mundu guztiko korrikalariak izan dira bietan. Nik neuk Austriara joateko aukera izan dut eta oso sorpresa atsegina hartu dut han. Korrikalariekin elkartzeaz gain, bertan sortu den giro lasai eta sanoa aspaldian sentitu ez bezalakoa izan da. Han musukoa ez da beharrezkoa kalean edo aire librean, inork ere ez du erabiltzen, supermerkatura, tabernara edo barruren batera sartzeko ez bada. Eta behin lasterketako irteera gunera sartuta (aurrez antigenoen test negatiboa aurkeztuta) dena “libre”, musukorik ez inon. Irteeran besarkadak, bostekoak eta patxoak ziren nagusi, eta horrek aspaldian proba batean sentitu ez ditudan poza eta ilusioa ekarri dizkit.

Irteerako betiko sentsazio hori berriro bizitzea oso atsegina eta hunkigarria izan da benetan. Eta gauza bera esan dezaket bertako jendeari buruz ere. Oso pertsona adeitsu eta eskuzabalak aurkitu ditut Austrian, eta guztion artean sortu den giroa oso berezia izan da. Honi guzti honi lasterketa bera gogorra eta ederra izan dela gehitzen badiogu, asteburu mundiala izan dela esan behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!