Sarri esan dut nire txakurrak ere familiaren parte direla eta euskal ardi-txakurra babestu behar dela. Sarri entzun ditut kukua eta okila gure basoetan, eta sarri pentsatu dut naturak indar berezia eta bizipoza ematen dizkidala. Sarri akordatu naiz hemengo eta hango mendietan hil direnekin, eta sarri pentsatu dut mendiaren altzoan bakean egongo direla. Sarri ikusi ditut plastiko zatiak, latak eta deneriko zaborra basoan barreiatuta, zer esanik ez maskarak azken urte honetan, 'nasobukoak' (Zorionak eta eskerrik asko elkarrizketagatik, ANBOTO), eta sarri batu ditut, ernegatuta, eta poltsikoan edo plastikozko poltsa batean sartu gero zakarrontziren batera botatzeko. Sarri erreparatu diet mendi-basoetatik AHTko obrei, eta sarri arrakaldu zait bihotza trena dela-eta egin nahi duten munstrokeria imajinatuta. Sarri pasatu gara kotxean Tabirako zubi erraldoiaren azpitik, eta sarri entzun diet semeei esaten “zubi leluaurik! Ez dau ezetako be balidxo bata!”. Sarri geratu gara Izurtzako Etxaburuko dorre karratu, estu eta garaiari so ea Ginebra erregina ikusten genuen leihotik begira, eta sarri pentsatu dut euskara dela ile horaileko anderearen territorio libre bakarra ere. Sarri ez bada ere, inoiz joan naiz basora ajea lagun hartuta, bezperan txosnetan Kortaturen doinuekin burua, besoak eta hankak dantzan ipini eta Biba zu! abestu eta gero. Sarri entzun diet aita-amei esaten eurentzat beti izan zarela Jose Angel, eta ez Joseba, edo Sarri, eta itzelean estimatzen zaituztela. Sarri hitza entzunda bakarrik, sarri akordatu naiz zurekin, sekula elkarrekin egon ez bagara ere. Ondo etorri, Sarri.