Aurten, oraingoz, bizi dugun egoera honetan, ezinezkoa da ezer antolatzea. Ezin dira lau lagun baino gehiagoko taldeak batu eta ez da komeni elkar besarkatzea eta musukatzea, irteera puntuan zein helmugan, beti egin izan dugun moduan. Agian bilatu liteke modu edo formularen bat, eskatzen diren neurriak errespetatuz, lasterketak taldeka egin ahal izateko. Behintzat dortsala ipini eta berotu bat hartzeko mendian. Baina, zertarako? Imajinatzen du inork Zegama-Aizkorri mendi maratoia batere ikuslerik barik? Santi Spiritun eta Aizkorri puntan batzen den jendetzaren animo eta oihurik barik? Zegamako plaza erdi hutsik korrikalariak helmugaratzerakoan?
Zegama-Aizkorri maratoia ipini dut adibide moduan, baina berdin gertatzen da hemengo beste edozein lasterketarekin ere (Sara Korrika, Aloñako igoera, Apuko igoera...). Horretxek bereizten ditu Euskal Herriko lasterketak, jendearen berotasunak eta sortzen den giroak batez ere. Lasterketa eguna lasterketa bera baino gehiago delako: goiz edo arratsalde-pasa ederra, aspaldiko lagunekin egotea, tragotxo batzuk jotzea... Zer gehiago behar dugu, ba, zoriontsu izateko?
Auskalo zer gertatuko den aurten lasterketekin. Argi dagoena da ezer ere ez dela berdina izango, eta, alde horretatik, ez nago ziur nik neuk zein puntutaraino gozatuko dudan lasterketa bakoitza. Neurriak neurri, ez diot inori ere sekula besarkada bat, musu bat edo bostekoa ukatuko, ez irteeran, ez lasterketa barruan, ez helmugan.