Halakoetan, arnasa gehiago hartu behar dugu, arnasbideak libre izan behar ditugu, baina mozalak biak tapatzen dizkigu, sudurra eta ahoa, eta horrela nekez arnastuko dugu ondo, gutxiago kirola egitean. Itotzeko ere! Mozala kirolerako derrigortzea salatzeko modukoa da, salatu beharrekoa, baina ez, mozalik barik kirola egitea da salagarria. Gauza aldrebesagorik! Aire librean, mozalak ez du ezertarako ere balio. Kanpoan kutsatzeko arriskua hutsala da (datu eta ikerketa guztiek diote hori), eta mozala aire librean derrigorrez ipintzeko arau edo legeak ez du inongo ebidentzia zientifiko sendorik. Naturaren kontra gabiltza, osasuna galtzen eta sistema immunologikoa makaltzen, gogortzen barik. Eta horixe da garrantzitsuena birusen aurrean: fisikoki eta mentalki indartsu egotea. Baina agindu diguten bidetik joanda, egoera ezer ere ez hobetzeaz gainera, ahulago, tristeago, defentsak baxuago eta bizipoza galduta ibiliko gara, eta horrek bidea erraztuko dio birusari.
Berez egoera latza bada, agintariek latzago egiten dute halako arau ulertezinak aginduta. Bien bitartean, osasun langileak, hezkuntzakoak, erresidentzietakoak eta abar oinarrizkoa eskatzen dabiltza, baliabide gehiago pandemiari aurre egin ahal izateko, baina agintariek entzungor egiten diete. Nahiago dute dirua AHTrako gorde. Besarkada handi bat ostalariei.