Dortsalak agortuta

Zegama-Aizkorri mendi lasterketari dagokionez, beste errekor bat apurtu da aurten: 12.566 lagunek eman dute izena parte hartzeko (iaz 10.500 inguru apuntatu ziren). Harrigarria! 225 dortsalen zozketan sartu dira denak, eta horrek esan nahi du 55 lagunetik bati baino ez zaiola dortsala egokituko. Maratoia bera amaitzea baino zailagoa ematen du parte hartu ahal izatea, ezta?

Gorbeia Suzien lasterketan ere, beste horrenbeste. 375 korrikalarik badute dagoeneko dortsala, baina 976 kanpoan geratu dira. Itxarote-zerrendan daude.

Baina mendiko lasterketarik gehienetan ez da zozketarik egiten. Denbora tarte bat ematen dute apuntatzeko, eta inskripzio orria betetzen duten lehenengoek lortzen dute dortsala. Aurreko domekan, esaterako, Arrasate-Udalatx mendi lasterketarako inskripzio epea zabaldu zen, goizeko hamarretan, eta eguerdirako agortuta zeuden jada dortsalak. Aloñako Igoerarako ere beste horrenbeste gertatuko da, eta Oñatiko karreran parte hartu nahi dutenek adi ibili beharko dute. Otsailaren 8a da izena emateko lehenengo eguna, eta seguru nago azkena ere izango dela.

Partaidetzari buruz, beste datu esanguratsu bat Gernikako Etxera Trail probak eman zuen. Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen alde egiten den proba da eta 1.000 lagun baino gehiago egon ginen lasterketa eta martxak kontuan hartuz gero. Lagun asko, zorionez. Baina nahiko nuke datorren urtean inork ere dortsalik ez ipintzea. Ez agortu direlako. Etxera Trail egiten bada, preso eta iheslariak etxean ez dauden seinale delako

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!