Bideak

Arruazuko Aritz Ganboa artzain eta mendi korrikalari amorratuak dokumental oso interesgarria egin du oraintsu: Bideak. Aspalditik buruan zebilkion ideia zen, eta, azkenean, ideia errealitate bilakatu du.

Dokumentalak erronka bat du oinarri: Arruazu (bere aitaren jaioterria) eta Izaba (amarena) herriak batzea, batetik bestera jarraian korrika eginda, 168 kilometro Pirinioetan zehar mendirik mendi, soinean Idiazabal jatorri-deitura duen gazta bat eramanda, berak egindakoa. Izaban, helmugan, Maria Collado emakumezko artzain gazteari bere gazta eman, eta haren eskutik Erronkari jatorri-deiturakoa hartuko du. Baina dokumentalak ez du erronka hori bere horretan erakutsi nahi. Ibilbidea bereziki diseinatu zuen Aritzek, toki estrategiko eta garrantzitsuetatik igaro nahi zuelako, bere hausnarketak egiteko eta landa bideen istorio interesgarriak kontatzeko. Funtsean, artzainen bizimoduaren garrantzia –baita emakumezko artzainena ere– eta Idiazabal eta Erronkari jatorri-deitura duten gazten garrantzia azpimarratuko du. Gure kulturaz, historiaz eta ondareaz ere luze eta zabal hitz egingo digu. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Horixe da Aritzek aukeratutako leloa bidaia honetarako.

Erronka honetan, bidelagun asko izan ditu Aritzek, baina Iker Karrera korrikalaria izan da berarekin ibilbide osoa egin duen bakarra. Nik neuk ere izan dut aukera bidaia polit honetan parte hartzeko, eta, egia esanda, liluratuta geratu naiz emaitzarekin.

Bideak-ek 2020an ikusiko du argia. Zorionak Aritzi eta lantalde osoari!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!