Munduko Kopa, martxan

Mendi lasterketen aurtengo Munduko Kopa guztiz aldatuta dator. Aurreko urteetan ez bezala, aurten zirkuitu bakarra dago. Horren ondorioz, inoizko mailarik handiena izango da lasterketetan. 

15 lasterketak osatzen dute Munduko Kopa hau, eta horietako lauk bikoitza puntuatzen dute. Beraz, korrikalaririk gehientsuenek proba hauetan parte hartu nahiko dute. 

Lau lasterketa jokatu dira dagoeneko: Japonian, Txinan, estatu espainolean (Transvulcania) eta estatu frantsesean. Bosgarrena Portugalen izango da, Madeiran, ekainaren 1ean, eta, datari erreparatuta, susmoa dut maila handiko lasterkari gutxi joango dela hara. Izan ere, biharamunean, ekainaren 2an, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren txanda da, eta, Golden Trail Series zirkuituan sartuta egonik, munduko eta Euskal Herriko korrikalaririk onenak hantxe izango dira. 

Munduko Kopako hurrengo hitzorduak Italian (3), Grezian, Katalunian (2) Andorran, Norvegian, Suitzan eta Bulgarian izango dira. Denetara joatea ia ezinezkoa da eta korrikalari bakoitzak bere aukeraketa egingo du, dena delakoaren arabera.

Oraingoz, Megan Kimmel estatubatuarra da liderra nesken sailkapen nagusian, eta Thibaut Garrivier frantziarra mutilenean. Baina sailkapen hau behin-behinekoa da, batzuek proba gehiagotan parte hartu dutelako. Azkenean, korrikalari bakoitzaren bost emaitzarik onenak hartuko dira kontuan, eta horietan batutako puntu kopuruaren arabera jarriko dugu (edo ez) dortsala Italiako finalean, Kopako hamaseigarren lasterketan. 

Hantxe egon nahi nuke, euskal selekzioko kideekin batera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!