Tsunami morea

1857ko martxoaren 8an, New Yorkeko ehun-fabrika bateko ehunka emakume langilek protesta egin zuten kalean, euren lan eskubideak aldarrikatzeko. Poliziak gogor hartu zituen, eta 120 emakume hil ziren istiluetan. Horren ondorioz, langileek emakumeen lehenengo sindikatua sortu zuten urte bi geroago.

1911ko martxoaren 25ean, 123 emakume eta 23 gizon hil ziren New Yorken, alkandora fabrika batean piztutako sute batean.
Neurri handi batean, gertaera bi horien ondorioz izendatu zuen NBEk martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, gaur egun Emakumeen Nazioarteko Eguna dena.

1857tik hona, hainbat izan dira gure eskubideen alde borrokatu diren emakumeak. Aldarrikapenaren bide gogor eta ilun horretan gorriak ikusi dituzte askok eta askok, baina horiei guztiei esker more kolorea hartu du emakumeon orainak. Orain, gure esku dago bide horri jarraitzea, etorkizunean ere more koloreak argitu gaitzan.

Martxoak 8 izan zen barikuan, greba eguna, munduko emakume denok bat egiteko eguna, gure eskubideak lau haizetara aldarrikatzeko eguna, tsunami morearen eguna. Bakoitzak bere alea jarrita, mundu osoan zabaldu genuen more kolorea. Asteburuan ere hainbat aukera ditugu Durangaldean aldarrikapenerako. Kirolari dagokionez, gaur Urkiolara mendi martxa Elorrion eta Milia Morea Iurretan. Eta domekan, Lilakrosa Durangon, Txirrindulari bira Zaldibarren eta Añeketan Berrizen. Tantarik tanta, tsunami more erraldoia sortuko dugu, iaz bezala. Gora Martxoak 8! Eta gora emakumeok!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!