Munduko txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia

Eskozian jokatu da aurten mendi lasterketen munduko txapelketa, Kinlochleven herrian. 800 bat biztanleko herri txikia da, baina 1.200 korrikalaritik gora hartu zituen ostegunetik igandera.

Asteburu luzean, beraz, korrikalarien kopuruak herritarrena gainditu zuen. Trail munduaren izarrik distiratsuenak bertan zeuden, eta hiru modalitate aukeran: kilometro bertikala, ultra traila (52 km) eta Sky (29 km).

Osteguneko kilometro bertikala infernua izan zen. Euria, haizea eta hotza nagusi. Lasterketa amaituta, korrikalari askok hipotermiak jota jaitsi behar izan zuten mendian behera. Remi Bonnet suitzarra nagusitu zen mutiletan eta Laura Orgue katalana nesketan. Ultra trailean ere eguraldi makurra egin zuen eta laburtu egin behar izan zuten ibilbidea. Jonathan Albon britainiarra izan zen lehen mutila helmugaratzen, eta Ragna Debats holandarra lehen neska. Larunbatean gure txanda izan zen, Sky modalitatekoona, eta zorte itzela izan genuen eguraldiari dagokionez. Lasterketa osorik egin ahal izan genuen, eta batere busti barik. Hori bai, ibilbidea oso lokaztuta zegoen, baina ni neu pozarren ibili nintzen plisti-plasta. Kilian Jornet katalanak irabazi zuen mutiletan eta Tove Alexandersson suediarrak nesketan. Igandean laugarren lasterketa bat jokatu zen, Extreme modalitatekoa (52 kilometrokoa hau ere). Laugarren hau ez zen munduko txapelketa, baina munduko koparako puntuagarria zen. Hau ere laburtu egin behar izan zuten eguraldi txarragatik, eta hau ere Kilian Jornetek irabazi zuen. Bitik bi, eta jarraian gainera. Bejondeiola! Nesketan Hillary Gerardi estatubatuarra nagusitu zen.