Aurten, gainera, Munduko Kopako lasterketa izateaz gain Salomon markak antolaturiko Golden Trail Series izeneko zirkuituan ere sartu dute, eta, ondorioz, munduko korrikalaririk onenak agertu dira Zegamako plazan. Eta tartean, gu! Itzela!
Iazko edizioarekin alderatuta, lokatza eta hezetasuna izan dira nagusi aurtengoan eta hori ondo nabaritu da korrikalarien denboretan. Hezetasunak deshidratazioa dakar, eta askok polito sufritu dute karranpak direla eta. Aurten ez da errekorrik izan (ikusle kopuruarena salbu) eta iaz punta-puntan ibili ziren lasterkari asko nahiko atzerago ibili dira, eguraldiaren arabera asko aldatzen baita ibilbidea.
Maila gorena aurten Zegaman, baina korrikalari herrikoi langile asko ere bai munduko onenekin batera. Benetan goraipatzekoa da zortzi orduko lanaldiaren ostean (askotan erreleboka fabrikan) entrenatzera doan korrikalariaren esfortzua, gero Zegamako dortsala ipini eta maratoia amaitzen duenarena.
Gurean Erlantz Zaldunbide iurretarra da adibiderik argiena. Zapatu arratsaldean zortzi ordu lanean zutik, domekan maratoi bikaina egin, eta domeka gauean bertan berriro lanera. Hori bai marka! Txapela kentzeko modukoa!