Agur, 2017

2017a amaitzear dagoen honetan, aipatzekoa benetan Euskal Herriko mendi korrikalariek eginiko denboraldia. Otsail inguruan hasten dira mendiko lasterketak, bai Euskal Herrian eta baita munduko beste txoko-bazter askotan ere, baina lasterketarik garrantzitsuenak udaberri-beranduan hasten dira.

Esaterako, Zegama-Aizkorri maratoiarekin hasten da munduko kopako benetako lehia, maiatz bukaeran. Datorren urtean, gainera, Golden Trail Series-ean ere sartu dute, Salomonek antolatutako zirkuitu berrian; neurri handi batean, bertan sortzen den giroa aparta delako. Kilian Jorneten berbak gogoratzea baino ez dago: “Zegama is Zegama”. Eta aurten ere magikoa izan da, jakina. Euskal korrikalariontzat bai, behintzat. Nesketan, Maite Maiorak hegan egin eta probako errekorra hautsiz bere biziko txapelik preziatuena lortu du, eta mutiletan Aritz Egea laugarren postuan sailkatu da euskaldunen artean inoizko denborarik onena eginda. Baina beste hainbat euskaldun ere punta-puntan ibili dira: Maria Zorroza, Laura Sola, Julen Larruzea eta Aritz Kortabarria, esaterako.

Baina denboraldia oso luzea da eta urri bitartean bada non gozatu eta non nabarmendu. 2017an Maiora eta Egea nabarmendu dira, argi eta garbi. Mendaroarrak, Maitek, munduko kopako Extrem modalitatea eta konbinatua irabazi ditu, eta urretxuarrak, Aritzek, Europako txapelketa Zeanurin, Olympus Marathon Grezian eta The Rut Montanan, besteak beste.

2018a ate-joka dugu eta dagoeneko baditugu buruan hainbat lasterketa eta xede. Ia urte berria aurtengoa bezain emankorra den. Seguru baietz!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!