Eta, zergatik aukeratu dut Sky? Kontu erraza: Zegama-Aizkorri tartean delako, kutunena. Lleidan (Katalunia), Canazein (Italia), Comapedrosan (Andorran) eta Kinlochlevenen (Eskozia) ere hartu dut parte. Horiek markatu genituen egutegian, familia, lana eta dirua kontuan hartuta. Azkena falta da, Limonekoa (Italia).
Kopako ibilbidean alde onak eta txarrak aipatu gura nituzke. Txarretan, bidaietako nekea nabarmendu behar. Batez ere, seme biena. Baina alde onak gehiago dira. Hasteko, lasterketak familian bizi ditugula. Eta, jarraitzeko, selekziokoon giro ona eta harreman estua; familiakoek, lagunek eta ingurukoek emandako animoak; eta ezagutzen diren leku eta lagun berriak, Laura Sola korrikalari nafarra, adibidez. Eta bitxikeria lez, Eskoziako garagardoa, Canazein Aitziber Ibarbiak Alluitzi urtegunean oparitutako baloia, Alluitzi “gelato di txokolato” azentu italiarrez entzutea, edo anaia txikiari hegazkinean esan ziona: “Ondiñon ez, Ametz, lañue pasau eta gero dau zerue”. Mundiala! Eta egunkari batean irakurritakoa: ‘Azkorbebeitia, que se tapa la bandera de España del dorsal con una pegatina’. Ez ba!