Zegama-Aizkorri 2017, kolosala!

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2017ko eka. 2a, 08:30

Aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia azken urteetako ederrenetakoa izan da. Asteburu bero-beroa zegoen iragarrita, eta zapatu arratsaldean 30 bat gradu zeuden Zegaman. Baina biharamunean aldaketa etorri zen. Laino ugari batu zen zeruan, eta bero egin arren ez zen bezperakoa. Animoek gora egin zuten.

09:00etan puntuan eman zitzaion hasiera lasterketari, eta 500 bat korrikalari abiatu ginen, plazan batu zen jendetzaren txalo artean. Zirraragarria!

Otzaurte da lehen puntu “beroa”, ehunka zale oihuka eta txaloka animatzen daudena. Hortik aurrera, lasaitzen joan ziren barruak eta lasterketan bete-betean sartu nintzen. Fresko jarraitzen zuen eguraldiak eta zorua ezin hobeto zegoen korrika egiteko.

Lasterketa erdi inguruan, Sancti Spiritu, indarberritzeko gune garrantzitsua Aizkorrira bideko aldapei ekin aurretik. Niretzat indargunerik handiena lasterketa ahaztezina egiteko, han baitzeuden Alluitz (semea) eta Mikel. Patxo handi bana eman eta, aurrera amatxo!

Aizkorri gaina ere jendez gainezka. Oilo-larrua! Gailurreria atzean utzita, Urbia geneukan itxaroten Andraitz igo aurretik.

Inoizko denborarik onena eginez heldu nintzen Zegamako helmugara, irribarretsu. Eta ez nintzen bakarra izan, lasterketako errekorra hautsi baitzuten Stian Angermundek (mutiletan) eta Maite Maiorak (nesketan). Zorionak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!