Gailurra Xtrem

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2017ko mar. 24a, 08:30

Mendizaleontzat gozamena da mendian ibiltzea, baina, batzuetan, mendira joan barik ere goza daiteke mendiaz. Hala bizi izan dugu mendia azken aldian telebistako Gailurra programaren bidez, Irati Andaren eta Andoni Aizpururen eskutik. Euskal Herriko gailurrik ederrenak (Anboto, Gorbeia, Orhi, Txindoki…) erakusteaz gain, istorio hunkigarriak ere kontatu zizkiguten protagonistek.

Ostean, Gailurra Xtrem programa etorri da. Kasu honetan, eta formatua aldatuz, Ibon Gaztañazpiren eta Irati Andaren eskutik Euskal Herrian egiten diren zenbait mendi lasterketa ezagutzeko aukera izan dugu. Mendi maratoiak (Zegama-Aizkorri), kilometro bertikalak (Beriain) eta ultra maratoiak (Bilbo-Gasteiz ultra traila) zer diren gertuagotik ezagutu ditugu Gailurra Xtrem programaren bitartez. Ibonekin eta Iratirekin batera, saioetan parte hartu duten lagun boluntarioei esker (Zigor, Gotzon, Uxoa, Aitziber, Oier, Iñigo eta ni neu ) orain badakigu lasterketa mota bakoitzak ze prestaketa behar duen (hidratazioa, entrenamendua, indarrak neurtzea…). Iratik eta Ibonek, majo sufrituta, ondo ikasi dute zer den mendian dena emanda aritzea.

Baina, batez ere, programako kamerariak aipatu behar! Amagoia eta konpainia. Txapela kentzeko moduko lana eta esfortzua eurena!

Esperientzia polita bizi izan genuen telebistan, eta zorterik onena opa diet Andoniri, Iratiri, Iboni eta lan talde osoari etorriko diren erronkei begira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!