Neguan, mendia ala asfaltoa?

Erabiltzailearen aurpegia

Heldu da negua eta berarekin batera hotza eta euria. Urtaro honetan, euria bota eta bota ari delako edo egundoko hotza egiten duelako, ez da batere erraza izaten mendi aldera korrika egitera irtetea. Leihotik begiratu, eta kanpoan eguraldi ilun, petral eta tristea nagusi dela ikusita, nekeza izan ohi da etxeko epeltasunetik irten eta besterik barik euripean eta lupetz artean plisti-plasta korrika hastea. 

Niri, egia esan, gustatu egiten zait neguko eguraldi kaskarra entrenatzeko, baina, zoritxarrez, askotan ez da giro izaten mendi aldera joateko. Tontorren batera joan beharrean, inguruko auzo eta pistetan ibiltzen naiz hilabete hauetan. Ez naiz asfalto zalea edo errepidea sarri zapaltzekoa. Urte asko egin nituen
atletismoan eta nekatuta bukatu nuen asfalto zein porlanarekin. Neguan, baina, askotan ez da aukera askorik izaten, eta astean zehar kilometro batzuk egiten ditut zoru gogorrean.

Aurten, lehenengo aldiz, urteko azken entrenamenduak aprobetxatzeko-edo, errepideko lasterketa batzuk egitera animatu naiz. Durangon, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna zela-eta antolatutako lasterketan eta Joseba Jaka Memorialean. Baita Gabon Zaharrez Azpeitian jokatutako San Silbestre lasterketan ere. Mendian korrika egitera ohituta nagoen arren, espero baino hobeto eta gusturago aritu nintzen asfaltoan, emaitza politak lortuta. Bateragarriak direla esango nuke. 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.