Kirola, jolasa

Noiz hasten da ume bat ‘kirola’ egiten? Zenbat urterekin uzten dio ume batek jolas egiteari eta ekiten dio ‘kirolari’? Ba al dago mugarik jolasaren eta kirolaren artean? Nire iritzian ez.

Ez dago jolasean hasteko adin zehatzik. Lehenago hasiko dira batzuk, gerotxoago besteak, baina behar duten sasoian hasiko dira jolasean ume denak. Eta jolasa bera kirol ezin hobea bihurtzen da umearen garapen fisiko eta intelektualerako. Mugimendua gure eguneroko jarduera da, nahigabe egiten dugu kirola hara eta hona mugitzen garenean. Neska-mutikoak jolasaren bitartez mugitzen dira sarri askotan, eta ariketa egiten dute, jakin ez badakite ere.

Eskolan bost-sei urterekin hasten dituzte haurrek eskolaz kanpoko ekintzak, kirol ekintzak barne. Futbola, atletismoa, dantza, gimnasia, igeriketa… aukera ugari dituzte gaur egungo haurrek. Hala ere, sei urteko haurrak ez ditu jarduera hauek “kirol” gisa hartzen. Adin horretako haurrak jolas egin nahi du, besterik barik, eta horixe da hain zuzen ere berarentzat “kirola” egitea: lagunekin egotea eta dibertitzea. Jolastea, alegia.

Gurasoak gara askotan hori ulertzen ez dugunak, eta zerbait gehiago eskatzen diegunak seme-alabei. Lehiatzeko sena ondo barneratuta dugu (gizarte lehiakor honek barneratuta neurri batean), eta eurengan islatzen dugu jakin barik. Garrantzitsuena da umeek ondo pasatzea, eta egiten duten kirol edo jolasa eginda ere, zoriontsu izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!