Bat gehi bat ez da beti bi

Bost hilabete beteko dira laster bigarrenez ama izan nintzenetik, eta apurka-apurka hasi naiz berriro mendira joaten eta lasterka egiten. Ia urte eta erdi korrika egin barik egon ostean, gogo handia neukan, txakurrak lagun hartu, eta mendira joateko. Umetxo biren ama naiz orain, eta nire denbora, arreta eta gogo guztia eurengan dut jarria. Nire egoera berri honetan, ez da horren erraza beti norberaren gurariak betetzea. Zer esanik ez lanean hasten naizenean. Laster izango da hori ere.

Bigarrenez ama izatea ez da lehenengoz izatea bezalakoa; niretzat ez, behintzat. Haurdunaldia bera nekezagoa da, erditze ostean motelagoa da leheneratzea, eta, gainera, beste ume bat daukazu etxean, zure arreta osoa eskatzen duena. Fisikoki gorputza ez da lehengoa, eta burua ere ez dago betiko kontuetan. Lehenengo semea eduki ostean, berriro ekin nien lasterketei denbora batera, eta, egia esan, ez zen erraza izan. Bularra ematea lehentasuna izaki, gauetan lo gutxi, entrenatzeko denbora justua, eta, askotan, korrika egiteko gogorik ez.

Bigarren semea eduki ostean ere gogotsu nago lasterketetan parte hartzeko, baina oraingoan, zailagoa izango delakoan nago. Bikoiztu egiten ei da dena bigarren umearekin, baina ez da guztiz egia. Batuketa horrek zenbaki potoloagoa du emaitza. Eskerrak badudan nork lagundu hainbeste maite dudan “afizio” honetan. Eskerrik asko etxeko guztiei. Aurtengo nire lehen erronka Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitzea! Animo!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!