Krosetik mendi lasterketara

Urtero, otsail inguruan ematen zaio hasiera mendiko lasterketen denboraldiari, eta azaroa bitartean era guztietako mendi lasterketak jokatzen dira (munduko kopa, Euskal Herrian eta Espainian kopa eta txapelketa, eta beste hainbeste lasterketa herrikoiagoak, gero eta txoko-bazter gehiagotan).

Eta, azaroa bukatutakoan, nola prestatzen dute korrikalariek hurrengo denboraldi berria? Normalean, udazkenaren hondarrean eta neguaren hasieran ez dute atseden handirik hartzen, eta, lasterketarik egon ez arren, ez dira geldi egoten. Asko eski munduan murgiltzen dira neguko hilabeteetan, eta beste batzuek krosa aukeratzen dute beraien prestaketa bideratzeko. Kros lasterketak oso laburrak eta arinak dira mendiko lasterketekin alderatuta, baina ezin hobeak dira hankak indartzeko. Euskal Herriko puntako mendi lasterkari askoren aukera da krosa. Beraien artean, aipagarrienetarikoak, Maite Maiora mendaroarra eta Oier Ariznabarreta durangarra ditugu. Biak ala biak munduko mendi korrikalaririk onenen artean lehiatzen dira, eta neguan kros lasterketak eginda prestatzen dute beraien denboraldi hasiera.

Azken urteetan, hainbat atletek egin dute jauzia krosetik edo atletismotik mendiko lasterketetara, eta, egia esan, nahiko emaitza onak lortzen ari dira, orokorrean. Begi bistan dago krosa modalitate egokia dela gero mendian ondo aritzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!