Anboto izan da beti Durangaldean mendi erreferentea, eta bere magalean antolatzen dira mendi-txango zein lasterketarik gehienak. Beste adibide bat Anbotoko kilometro bertikala dugu. Hau ere zortzigarrenez jokatu da aurten. Arrazolan gora, ahuntzen antzera, lau hankatan heltzen dira korrikalariak Mariren eremuetara.
Aurten, ostera, berrikuntzak dakartza udazkenak Durangaldera. Aurreko mendeko korrikalari apustuzaleen tradizioa gogora ekartzeko asmotan, lasterketa berri bat antolatu dute Durangon, urriaren 25erako. Tabiran hasiko da, GR 229 Mikeldi bidea hartuta. Mendiolatik Atxartera jarraituko du, Atxartetik Guenzelaira, eta Alluitzeko galdara eta horma tenteak ezkerretara utzita, Asuntzera. Asuntzetik Urkiolagirre (1009m) tontorrera igoko dira korrikalariak. Hauxe da goreneko puntua lasterketan. Hemendik aurrera, jaitsierari ekingo diote. Urkiolan behera, Hiru Kurutzeak eta Txakurzulo atzean utzita, Atxartera helduko dira apustuzaleak, galtzadatik, eta hortik aurrera, lehengo bidean behera, Tabiraraino. Oraingoan ere, urrintxotik bada ere, Marik zoli jarraituko die korrikalarien pausoei.