Badator Zegama

Gezurra badirudi ere, dagoeneko urtebete pasatu da lasterketa handi honen inguruan azkenengoz idatzi nuenetik. Eta, beste behin ere, ezin utzi aipamen berezi bat egin barik.

Azken urteetan gertatu den bezala, aurten ere Munduko Kopako lasterketa izango da Zegama-Aizkorri, eta bertan mendi-lasterkari onenek hartuko dute parte, maiatzaren 17an. Baina aurtengo Zegama-Aizkorri berritasun batekin dator, aurten, lehen aldiz, kilometro bertikala jokatuko baita bertan. Guztira, 150 parte-hartzaile izango ditu lehen edizio honek, eta Zegaman hasita Aitxuri tontorrera igo beharko dute, 1.520 metrora. Kilometro bertikal honek emango dio hasiera aurtengo Zegama-Aizkorri berrituari, maiatzaren 15ean.
Horrela, igandeko maratoian parte hartu ezin izango duten hainbat korrikalarik aukera izango dute lasterketa “txiki” honen bitartez jai handi honen parte izateko.

Berrikuntzekin dator, bai, aurtengo Zegama-Aizkorri, baina, korrikalariei dagokienez, lehengo lepotik burua. Hilabeteak dira parte-hartzaileak maratoiko ibilbidean gora eta behera entrenatzen hasi zirenetik, eta seguru batek baino gehiagok zenbatuta izango dituela Zegamako irteeran hasi eta helmugara heldu bitartean eman beharreko pausoak. Eta beste batzuek loari kentzen dizkiote orduak bertara joan eta entrenatu ahal izateko, lanera joan aurretik.

Ni aurten ez naiz Zegamako irteeran egongo, baina nire animorik beroenak emango dizkiet parte hartuko duten “zoro” guztiei. Eutsi goiari!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!