Lasterketak atzerrian

Askotan aipatu izan dugu mendiko lasterketek gero eta oihartzun handiagoa dutela eta, gaur egun, behin denboraldia hasita, ia asteburu guztietan aurki dezakegula lasterketaren bat gure inguruan. Fenomeno hori azken urteotan igarri dugu Euskal Herrian, baina hemendik kanpo aspaldiko kontua da. Europa ardatz hartuta, herrialderik esanguratsuena Italia da. Nire iritzian, han jokatzen dira munduko lasterketarik ikusgarrienak.


Urteak dira lehen aldiz Italiako lasterketa batean korrika egin nuela. Pasturo izeneko herri txiki batean zen lasterketa, eta Munduko Kopako proba bat izaki, hainbat herrialdetako korrikalariak batu ginen bertan. Sekula ez dut ahaztuko lasterketa hura, hango maldak, hango mendiak eta paisaia. Giroa ere paregabea, zaletasun handia baitago Italian mendiko lasterketen inguruan. Maila handiko lasterketak antolatzen dituzte han, altuera handiko mendietan, eta parte-hartzaile kopurua itzela da, guztiek baitute parte hartzeko aukera: punta-puntako lasterkariek zein korrikalari apalek. Eta apurka-apurka, euskal korrikalariak ere hasi dira atzerriko probetan parte hartzen. Ez da harritzekoa parte-hartzaileen zerrendan izen euskaldunak ikustea. Gainera, aukera paregabea da mendi inguruetan oporralditxo bat igarotzeko eta turismoa egiteko.

Atzerriko lasterketetara joateko aukerarik ez duenak, jakina, aukera mordoa dauka Euskal Herrian. Asteburu honetan bertan, Larrabetzun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!