Kirolari profesionalei dagokienez, gizon zein emakume izan, kirolerako denbora tarte handi samarra behar dute ahalik eta sasoirik onena lortzeko. Eta honetan, amatasunak zeresan handia du emakumeongan, muga handia baita. Bederatzi hilabeteko haurdunaldia, erditzea bera, eta erditzearen ostean errekuperatzeko behar diren egun, aste edo hilabeteak. Ez da aldi baterako atsedena bakarrik. Gorputzak aldaketa handia jasaten du, eta buruak beste hainbeste. Aitatasuna ere kontuan hartzekoa da, baina, azken finean, emakumea da haurra izan duena eta gorputzean aldaketak izan dituena.
Hala ere, bizimodua eta lehentasunak aldatzen badira ere, amatasuna ez da ezinbesteko eragozpena emakumearen kirol ibilbideari azkena emateko. Emakume asko bueltatu dira berriz ere kirol profesinalera ama izan eta gero, eta sasoi betean, gainera. Mendiko lasterketei dagokienez, aipatzekoa Oihana Kortazarren kasua, bigarren semea izan eta gero bere betiko mailan bueltatu baita lasterketetara.