Denboraldia amaitu da: eta orain zer?

Mendiko lasterketei dagokienez, amaitutzat eman dezakegu aurtengoz denboraldia. Otsailean hasita, makina bat lasterketa jokatu dira Euskal Herrian eta munduko beste txoko askotan. Orain, 2015ekoari begira jarrita daude korrikalari asko.


Baina, lehiatzeko lasterkaririk gabe, nola prestatu hurrengo denboraldia? Zer egiten du mendiko lasterkariak? Nola entrenatzen da urritik otsailera bitarteko hilabeteetan? Era asko daude sasoi onari eusteko neguko hilabete horietan. Batzuek eskia hartzen dute ardatz nagusi. Mendiko eskia da, batez ere, mendiko lasterketak prestatzeko kirol modalitaterik  osoena. Puntako korrikalariak mendiko eskian aritzen dira neguan entrenatzen eta lasterketetan lehiatzen, eta ondorengo emaitzak ikustea besterik ez dago kirol hau eta mendiko lasterketak zein bateragarriak diren ohartzeko.

Beste batzuek, ordea, korrika jarraitzen dute, krosean. Belarretan eta lokatz artean korritzen denez, ondo datorkio korrikalariari mendiari begira, aldatz gogorrik egon ez arren, antzeko zorua baita.

Beste askok ere korrika jarraitzen dute, baina asfaltoan. Jokatu berri den Behobia-Donostian, esaterako, hainbat mendi-lasterkarik hartu du parte. Badaude, neguko prestaketa gisa, mendiko bizikleta aukeratzen dutenak ere, udaberriari begira hankak indartsu izateko. Igeriketa ere oso kirol egokia da sasoi onari eusteko. Beraz, badago zeri heldu neguko prestaketa ganoraz egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!