Neskentzako mendi lasterketa

Gaur egun gero eta emakume gehiago ikusten da kirola egiten, batez ere korrika. Baina ez urte sasoi honetan bakarrik, Behobia-Donostiaren eraginez. Neska korrikalarien kopuruak urte osoan egin du gora. Erruz, gainera. Orain dozena bat urte, adibidez, ez zen oso ohikoa hainbeste ikustea. 

Euskal Herrian lasterketa asko eta asko antolatzen dira. Ia astebururo dago baten bat, bai errepidean, bai mendian, baina lasterketetan emakumearen parte-hartzeak ez du halako gorakada izan. Gizonezkoekin alderatuta, oraindik oso neska gutxik ematen du izena lasterketetan.

Ildo horretatik sortu da aurten, lehen aldiz, neskentzako mendi lasterketa Sunbillan.  Irail hasieran izan zen, eta neskek bakarrik parte hartu ahal izan zuten bertan. Arrakasta itzela izan zuen. Hiru mendi lasterketa antolatu ziren guztira, 6 km-koa, 21ekoa eta 42koa. Horietaz gainera, mendi martxa eta umetxoen lasterketa ere egon ziren. Neska eta emakume askok hartu zuen parte, jakina. Jai bat izan zen azken finean, emakumearen aldeko jai zoragarria.

Kritika onak izan ditu batez ere ekimen honek, baina txarren bat edo beste ere egon da. Nire ustez, zoritxarrez, oraindik beharrezkoa da honelako ekimenak egitea emakumea behar den bezala baloratzeko eta kirol mundura bultzatzeko. Etorkizunean era honetako lasterketek zentzurik ez balute, askoz hobeto.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!