60, 80 edo 100 kilometrotik gorako lasterketak dira ultrak, eta batez besteko desnibel metatua asko aldatzen da lasterketa batetik bestera. Badirudi mendiko korrikalariek, ultra eta extreme hitzak bultzatuta edo, gero eta erronka gogorragoak bilatzen dituztela. Askorentzat, zenbat eta luzeagoak eta desnibel handiagokoak izan, hobe. Euskal Herrian bertan baditugu zenbait: Apuko Extrem (65 km), Hiru Handiak (100 km), Euskal Herria Mendi Erronka (63 km), Goierriko Bi Handiak (88 km) edo Ehunmiliak (168 km). Azken biak asteburu honetan dira, Beasainen.
Ikaragarria da lasterketa hauetan izena ematen duen jende kopurua. Hiru Handietan, esate baterako, lehenengo egunean agortu ziren dortsal guztiak. Ultratrailak, beraz, osasun egoera onean daude. Ultratrailetan parte hartzen dutenen osasun egoera ez dela hain ona izango pentsatuko du batek baino gehiagok, gorputzak astindu ederra hartzen duelako. Ondo prestatzea da kontua.