Mendian oinez zein korrika

Aspaldiko eztabaida da eta beti eman du zeresana. Batzuek patxadaz eta lasai-lasai hartzen dute mendi irteera, ardo bota lepoan, hamarretako eta guzti. Beste batzuek kirola egiteko aukera paregabea ikusten dute mendian, gora eta behera korrika ibiltzeko aukera, landa, baso zein harri arteetan. Mendi irteera modu desberdinean bizi arren, batzuek zein besteek sentipen bertsuak dituzte mendian.

 

Herriko mendi taldeak antolatutako martxara doazenek zein entrenatzeko asmoz ahuntzen antzera dabiltzan korrikalariek. Denak irten dira mendiaz gozatzera. Berez, ez litzateke arazorik egon behar. 

Aspalditxo batean kontrako iritzia irakurri nion mendizale bati, mendiko jarduerei buruzko aldizkari batean. Gogoan dut gogor kritikatzen zuela mendian korrika ibiltzea. Korrika egitea lehia dela, eta mendia ez dela lehiarako lekua. Esaten zuen mendian korrika dabilenak ez duela mendiaren esentzia errespetatzen. Zein da mendiaren esentzia? Non dago idatzita zer den? Bere iritzia emateko eskubide osoa du, zelan ez, baina ez nago ados. Mendian korrika egitea baino gauza ederragorik! Nik hala bizi dut eta biziko dut gorputzak laguntzen didan artean. Aukera guztiak dira zilegi. Denek dute mendiaz gozatzeko eskubidea, mendira txikirri-txakarra doanak zein korrika doanak. Hori bai, mendia, mendiko animaliak, landareak eta ingurumena errespetatuta. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!