Artean obsesioa

Erabiltzailearen aurpegia Markel Sanchez Zelaia 2023ko ots. 17a, 08:00

Etxeko eskailerak bajatzen nenbilela burutazio arraroa eduki nuen: zutabe hau bihar idazten nabilela. Portaletik irten eta Artekaletik gora jo nuen, zer topatuko. Txiki-Otaegin ume batzuk saltoka-maltoka ikusi nituen lurrean klarionaz marraztutako laukien gainetik, pozik, eta ikusi nuen tipo bat ere gainetik pasa zela saltoka, lehenik hanka bat, gero bestea. Esku handiak ikusi nizkion, zigarroa ahoan eta zapo aurpegia. Bera zen. Bai. Lar bera zen, beste inor izateko.

Bere atzetik jo nuen, instintuz, Artekaletik gora. Esan gura nion gure arteko enkontru hura ez zela menturazkoa batere, beilatokietan ez dakidala egoten, egin dizkidaten opari askotan ni ere sentitu izan naizela oparitua, metro karratu bat lurzoru erosteko aurrezten nabilela, eta beste gauza asko esker onez. Harrezkero konturatu zen norbait segika zuela, eta ibilkera bizkortu zuen, urduri. Esan gura nion Casa tomadako burges beldurtia zirudiela, gera zedila, Toritorena lez konta ziezadala bere bizitza parke batean, egon gintezela kafesne. Momentu hartan Arteka pareko portaletik neska bat irten zela uste dut, ez dakit zer pentsatuko zuen ni inoren atzetik ikusita, baina film batean bezala sentitu nintzen. Korrika hasi eta eskua luzatu nuen momentuan bertan zangotraba egin zidan, ordea.

Lurretik ikusi nuen joaten, eskumara biratu eta Barrenkalerantz, magoa, kronopioa: Julio Cortázar. Ez dakit zergatik bota ninduen, ez dakit zergatik ebaki zidan obsesioa. Ez dakit jausi nintzen ala berriro jausi nintzen. Badakidana da literatura obsesio barik ezin dudala ulertu, eta eskua luzatu zidala lagunkiro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!