Obsesioaren artea

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Olaso Sopelana (Behargina) 2023ko ots. 17a, 08:00

Amaren etxeko eskailerak jaisten ari nintzela akordatu nintzen umetan artisten kalean bizi nintzela uste nuenekoa. Nola pelikula oso bat tramatu nuen pisuzko arrazoiekin.

Bertako komertzio eta bizilagunek osatzen zuten “Arte”kale. Durangoko liburudenden bi bostenak bertan zeuden, altzarien zaharberritzaile gazteak bizi ziren eta noizean behin piano baten hotsa entzuten zen harategitik. Artista bihurtzea zen protagonistaren obsesioa neguko zirku horretan.

Eskailerak jaitsi eta portaletik irtenda, zarata soziala zerion plazari.

Bekain eta patilla iluneko kaletar bat ikusi nuen nigana hurbiltzen. Harrapakin poetiko bat eskuratzeko borrokan zebilela zirudien, zigarro bat ahotan zuen begi handidun gizon baten atzetik. Santa Anarantza zihoan zuzenean.

Ez dakit zehazki zenbat distantzia dagoen pasiotik obsesiora, baina hark zekarrena ez zebilen ipuin inposible batetik urrun.

Ekintza kate posibleen sekuentzia ezberdinak entseatu nituen nire kolkorako (etorkizun gertuan, litekeena da filmen muntaiak mentalki egin ahal izatea). Begiratu ere ez zidan egin baina nik ezkerreko hanka luzatu nuen justu. Zangotrabatu eta lurrera erori zen, laurogeita hamar gradutan.

Begirada planoa zabaldu nuen atoan. Ezaguna egin zitzaidan beste gizonaren aurpegia, zigarroa lurrera bota eta arineketan hasi zen. Barrenkalerantza sartzear zela, atzera begiratu zuenean ohartu nintzen.  

Eskua luzatu nion bizilagunari. Eta toponimiaz hasi nintzaion eta nola zeharkalek kale guztiak zeharkatzen dituen eta argentinar lotsatia kalean behera jaitsiko zela guk bertan gurutzatu arte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!