Jada urtebete daroat ‘abentura’ polit batean murgilduta (Lagun Onak-eko kirol arduradun) eta herriartekoan ‘botilero’ lanak ere egokitu zaizkit bertan. Herriartekoa aurkeztu zenetik bazegoen herrian oso gora, zergaitik ez esan, finalera heltzeko aukera horren susmoa. Dena den, gauza bat susmoa da, beste bat nahia eta zailena, hori guztia egiaztatzea. Eta lortu dugu.
Finalerako bidean Galdakao, Usansolo eta Orozko gainditu ditugu. Partidurik gogorrenak lehen kanporaketako Galdakaoren kontrako nagusien bi lehiak eta finalaurrekoetako Orozkoren aurkako kadeteen biak. Azken bi hauek poztasun berezia eman didate, inork ez baigintuen irabazteko gai ikusten. Aimar eta Lier, bikain.
Finala irabaztea, etxean gainera, zoragarria izango zen, baina Markina gehiago izan da eta merezita irabazi du ‘bere’ titulua. Zornotzarrek, nik uste, badute arro egoterik beren pilotariek egindako lanaz. Nahiz eta, nire ustez, finalean Txaber Zabala beteranoak bakarrik eman zuen bere benetako maila. Noski, horren errudun, hein handi batean, aurkariak ere badira. Baita finalek eragindako tentsio eta urduritasunak ere.
Zornotzako pilotariek zorionak merezi dituzte eginiko txapelketa oro har hartuta. Nola ez, berdin markinarrek txapelagatik eta zaleek finalean jarritako giro bikainagatik.