Disfrutatzera

Uda garaia polita izan ohi da pilotazalearentzat eta baita pilotariarentzat berarentzat ere. Lehiaketa ofizialak alde batera utzi eta festetako jaialdietan izaten dira gehienak. Afizionatu zein profesional, neska zein mutil, zuriz jantzita dotore ateratzen dira kantxetara.

Jokoa ere ezberdina izaten da, bai pilotariak bai ikusleak gogoko dutenekoa, alaiagoa.  Horretan bat artista baldin bada, bere azken uda ‘eskainiko’ digun Pablo Berasaluze da. Berriztarra han eta hemen ikusiko dugu programatua eta, zortea izanez gero, partidurik gehien jokatzea tokatuko zaion garaia izango da. Bere etxean, Berrizen, jada egin du bere agurra, eta Bilbon urriaren 1ean jokatuko duen arte Bizkaiko herri gehienak bisitatuko ditu, seguru. Labrit, Ogeta edo Adarraga-ko kantxek ere emango diote azken agurra ‘Pablito’-ri.

Halere, asteburu honetan bi interesgune ere baditugu inguruan, biak barikuz; Abadiñon Euskal Ligako finalak Tornosolo trinketean, eta Mallabian bertako ‘Biharko Izarren’ zita. Abadiñon, etxekoek lehiaketa borobildu nahi dute Euskadiko txapela soineratuz, eta, bide batez, Asier Aspuruk urte bikaina burutuko luke. Banaka GRAVNI-an txapeldun, Binaka Euskadiko ligan Arabiogaz batera. Faborito badira.

Eta Mallabian, merezi bazuen ere, bizkaitar bako finala afizionatu mailako gazte onenen artekoan. O. Etxebarria tanto bakar bategatik kanpoan geratu ostean, Ugalde-Martinez eta P. Labaka-Sarasa lehiatuko dira titulu preziatuaren bila.

Ba, esanikoa, udaz eta pilotaz gozatzeko aukera! Bueltararte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!