Juan Mtnez Irujo handiak uko egin dio manomanista jokatzeari. Ondorioz, urteko lehiaketa nagusia herren geratu da, nolabait. Nire aburuz, erabakia penagarria bada ere, zentzuzkoena izan da. Kirolariak ehuneko ehunean egon behar du lehiaketa garrantzitsu bati aurre egiteko.
Dena den, datorkiguna asteburu oparoa dela ere argi dago. Argi izpi distiratsuak agertu baitira aipaturiko manomanistan. Artola, Ezkurdia eta, batez ere, Iribarriaren aurrean, galtzak bete lan izango dituzte Bengoetxeak, Urrutik eta Aimarrek, seguru. Hiru norgehiagoka ikusgarri gaur, bihar eta etzi. Taldeburuek aurrera jarraituko ote dute?
Profesional mailatik behera eginez, GRAVNI txapelketa aipatu behar. Finaletan bertoko pilotari batzuk izango dira. Eskuz ezker hormako finalean Azpiri eta Larrinaga (Elorrio), eskuz banaka trinketean Aspuru (Abadiño), eta Itsaso Pradera mallabiarra nesken gomazko paletan. Animo!
Amaitzeko, komunikabideetan isla itzela izan duen NER Group pilota federazioaren akordioa ere aipatu behar. 400.000 euro hiru urtean, pilota sustraietatik lantzeko konpromisoa hartuta. Berri pozgarria da, baina ‘onerako’ izango ote da? Federazio ezberdinak daude tartean, eta elkarren arteko harremana ez da aproposena. Esperantza izan behar.