Berriztarrak ez du bere ibilbide luze eta oparoan txapelik lortu, baina, berak aitatu duen bezala, pilotazaleak eskaini dion maitasunak txapelak baino gehiago balio du, eta harro doa. Pilotazalearekin erraz konektatu du Berrizko artistak; horixe izan baita bere kirol ibilbide osoan: Artista!
Berak esanikoa da: “Pilotak dena eman dit”, baina, egia esan, berriztarrak ere asko eskaini dio pilotari. Partidu gogoangarriak asko izan dira, pilotazaleak asko gozatu du berarekin, eta urriaren 1etik aurrera, apur bat penatuta egongo gara denok, Berrizko txikiaren deabrukeriak ikusteko aukerarik barik geratuko baikara. Azkenaldian, lesioak tarteko, bere maila gorenetik aparte ibili da, baina, halere, bera kantxan izanik, beti espero izan dugu tanto liluragarri horietako bat. Eta Pablok beti eskaini dio hori pilotazaleari. Pasoa uzteko garaia dela dio berriztarrak, eta sentsazio hori dut nik ere, izar handi batek maila gorenean esan behar baitio agur pilotari.
20-25 bat partidu jokatuko ditu agur esango duen egunera arte, eta jendeak bikain erantzungo du, seguru, leku guztietan oso maitatua izan delako, eta ‘artista’ sena bukaeraraino mantentzen duenez, ikusmina sortuko duelako. Zorte on, azken sprintean!