Distira gutxi

Uda garaian pilotak euskal herrietako txoko guztiak bisitatzen ditu. Jaiak tarteko, pilotari handienak beren maila aurkezten saiatzen dira han eta hemen. Egia esan, ez da garairik onena izaten maila goreneko partidu asko ikusteko, pilotari onenak pasatuta baitaude, baina tradizioz pilotalekuek gainezka egiten dute.


Aurtengo uda ez da onenetakoa izaten ari gure izar nagusienentzat, eta, 31 urteren ostean, banakako titulua Bizkaira itzulita momentuz hor geratu dira lorpenak. Uztailean txapeldunak berak sustoa eman zigun Zornotzan, buruan pilotakada jasota. Mikel Urrutikoetxea, egun batzuk bajan izan ostean, kantxaratu bai, baina egurra jaso eta jaso ari da. Eta zaratamoarra baino izar distiratsuagoa den Pablo Berasaluze ere, asko jokatzen bai, baina lorpenetatik urrun dabil. Gainera, beste behin, Miribillan krak egin du berriztarrak, eta ia hilabeterako baja izango da sorbaldako luxazio bat tarteko. San Antolin eta San Mateo txapelketei agur! Elezkano, Aretxabaleta, Ibai Zabala… Bigarren Mailako partiduetan ari dira. Halere, azken horrek bere aukera izango du Lekeitioko sanantolinetan. Zorterik onena opa diot.

Dena dela, ez dira denak gris eta ilunak. Afizionatu mailara jaitsita, lehiaketa handienetakoa den Antiguo txapelketa aipatu behar, bertan Arrizabalaga eta Urizar markinarrak finalean baitira jada. Igandean jokatuko dute biek partidu nagusia, eta orain arteko maila emanez gero, txapeldun izan litezke. Urizar atzelaria bikaintasunetik hurre dabil Donostia aldean. Zorionak eta animo biei!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!