Askorentzat ia ezezaguna izango den arren, mundu zabalean pilotari oso ezaguna zen Fernando Medina joan zaigu. Momo ezizenez ezagutzen genuen guztiok pilotari mexikarra, Asegarcerekin debutatu, eta txapeldun izatea lortu zuena. Eskuz, Euskal Herriaz kanpo sortutako pilotari handiena izan da Momo, eta, horregatik, bere galera handia da nazioartean. Ezaguna nuen, eta hortik nire tristura.
Era oso ezberdinean, baina Momorekin une asko bizitako beste pilotari batek ere tristuran murgildu zuen pilotazale bizkaitarra orain pare bat aste-edo. Pablo Berasaluzeri buruz ari naiz. Binakako finaleko porrotak burumakur utzi zuen, eta oso triste bere jarraitzaile andana. Dena den, hark ere aurrera egingo du, seguru.
Hala ere, denari buelta eman beharra dago, eta aurrera segi. Horretarako arrazoiak ere baditugu, eta aurrera era positiboan begiratu behar dugu. Pilota bizi-bizirik dago gure eskualdean, eta horren lekuko gaur Abadiñoko trinketeko San Trokaz finaletan izango den giroa –ume zein nagusien finalak tarteko–, Matienako sanprudentzioetan bizitakoak, Durangoko Peter zenaren omenezko lehiaketa non ume eta gazte lehiatzen dabiltzan, Mallabiko Biharko Izarrak... eta hemendik aparte gure pilotariak ematen ari diren maila gogoan. Animo denei eta ekin!