Bat ala bi?

Bizkaitar pilotazalea Urantzura begira dago jada. Bertan ez da bizkaitarrik izango, Aretxabaletak ez baitu jokatuko, baina finalerdietarako bere sailkapena jokoan izango da bertan. Berasaluze II.ak, azken urteetan izan den pilotari bizkaitar miretsienak, eskaini zion bere laguntza markinarrari, zapatuan irabazita, eta bigarren bizkaitarra finalerditan izatea edo ez Irunen erabakiko da.


Oinatz Bengoetxeak, beste behin, Untoria izango du kide atzeko koadroetan, eta Andonik behatzak gurutzatuta jarraituko du lehia. Zapatuan jakingo dugu bizkaitar batek edo bik jarraituko duten binakako txapelerantzako bidaia, oraindik luzea, finalerdiak ere ligaxkan jokatuko baitira.

Txapelketa oso luzea, luzeegia gertatzen ari da. Pilotarien hutsegiteak asko izan dira, eta ez da kasualitatea jada finalerdietan diren bikoteak osoenak izatea. Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu bikoteek bere horretan jokatu dituzte partidu guztiak. Pablok partidu bakarra utzi du jokatzeke, baina beste bikote guztietan dantza ikaragarria izan da. Eta azken bikotea zein ote? Bengoetxea-Untoria (Aretxabaleta) / Irujo (Altuna)-Barriola.
Nahiko genuke bigarren bizkaitarra finalerdietan izatea, baina ez da samurra izango. Baina hori horrela suertatuko balitz, ligaxka oso berezia eta ezberdina izango litzateke; nork pentsatuko zukeen orain pare bat hilabete finalerdietako ligaxkan azken hamarkadako bi izarren falta izango zenik? Txapelen bidean Aimar eta Irujo falta!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!