Pozak eta penak

Astegoiena dotorea izan da Durangaldeko pilotazalearentzat. Berrizen eskolarteko eta federatuen finalak jokatu ziren. Giro aparta: mutiko asko pilotan eta gehiago –gazte zein nagusi– harmailetan.


Bertan egoteak hainbat oroitzapen ekarri zizkidan gogora, kantxa horretan izerdialdi asko botatakoa bainaiz. Gure ume garaian frontoietan izaten zen itxura hartu nion Oizpeko pilotalekuari, eta, geure kirol maitea maldan behera doala pentsatzen dudan honetan, horrelako egunek poztasun bat sortzen dutela ere argi daukat. Hobetzerik baduela ematen du horrelako uneetan. Baina, gero, egunerokoak berriro eramaten gaitu errealitatera, eta ez da batere samurra izango pilotaren hurrengo urteetako ibilia.

Salto kualitatiboa emanez, Berrizko kantxan hasi eta hezitako Pablo Berasaluzek ere eman zigun poztasuna hurrengo egunean, Eibarko katedralean, nahiz eta aurkarien joko eskasak erru handiagoa izan zuen horretan berriztarrak emaniko mailak baino. Berrizko kantxako txapara heltzen ez zela ezagutu nuen. Berarekin pasarte batzuk bizi izan ditut amateur zela, eta badakit Bizkaiak sekula eman duen pilotari artistenetakoak pozak ematen jarraitzeko gaitasuna duela. Asko eman dio bizkaitar pilotazaleari, gehiago emateko aukerak aprobetxatu ez dituen sentsazioa daukadan arren; baina pasatakoari bueltarik eman ezin eta aurrera begiratuta, binakakoan saltsan izango delako susmoa dut. Ia horrela den, eta hori Bizkaiko pilotarengan eragin positibo bihurtzen den, denaren beharra izango baita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!