Dena den, beste hitzordu garrantzitsu bat ere bada hemen, Durangaldean. Ordu batzuk lehenago eta Elorrioko udal pilotalekuan, maiatzean bat-batean zendu zen Pako Arroiabe pilotazale eta pilotagilea omenduko dute bertako pilota eskolek. Betiko hitzak dira agian, baina merezitakoa izango da, benetan, eskainiko zaion omenaldia. Gure kirol preziatuaren alde lan handia egin zuen elorriarrak, hain zuzen, ume askori, pilota munduan sartzea ahalbidetzeko, materiala jarri baitzien eskura. Asko gara Arroiaberen pilota poltsikoan erabilitakoak, edozein tarte berori apurtzeko baliatzen genuenak. Noski, gero beste bat edukitzeko!
Domekan, mutiko asko izango dira kantxan eta harmailetan, eta jada hain mutiko ez diren baina pilotan Pakoren materiala erabilitakoak ere beste hainbeste. Harro egongo da, dagoen tokian dagoela, Arroiabe. Gaztetxoenen pilota gustuko duenak, omenaldia ere tarteko, hitzordu ederra dauka igande goizean, Elorrion.
Ez nuke aipatu barik utzi nahi aurreko egunean Iruñean jokatuko den Trinkete Tourreko bertako MPB saria. Rober Uriarte, Mikel Gonzalez eta Ander Antxia bertan arituko dira, horiek ere Pakoren pilota poltsikoan erabilitakoak, seguru.