Irailaren 11tik 21era Mexikon Munduko Pilota Txapelketa jokatu da, baina seguru irakurle gehienok ez duzuela orain artean jakin ere egin. Nazioarteko federazioak antolatu du, eta bertako hedabideetan izaniko isla oso eskasa izan da, nahiz eta bertako pilotari espainiar asko izan Mexikon. Ondorioz, merezitakoa.
Pilotari errioxar handienetakoari pilotazalea ematen ari zaion agurra ere merezitakoa da. Titín III.ak egun gutxi barru utziko ditu kantxak, eta txapelketetako bere azken partidua gaur jokatuko du gure Pablitoren kontra. Profesional mailako pilotari beteranoenak dira biak, eta errioxarraren agurrarekin berriztarra izango da zaharrena aurrerantzean. Sanmateoak bereziak dira errioxarrentzat eta, nola ez, Augustorentzat. Mereziko luke errioxarrak, agian, finalean izatea, baina Berasaluzek eta Zabalak aukera hori kendu nahi diote, lehiaketan ez baitago lagunik. Berriztarrek ez dute aukera pasatzen utzi nahi bikote errioxar txapeldunaren kontrako partiduan. Azken finean, eurek ere merezi dute finalean izatea, ala ez?
Eta bukatzeko, oraindik gogoan daukat orain hamar urte-edo iurretar pilotazale beterano batek Titín III.aren harira aipatu zidana: “Ba... Titín III.a eliz atariko pilotari bat da”. Ni neu harrituta utzi ninduen, nik behintzat handienetakotzat daukat eta. Zorionak Titín III.ari, eta bejondeiola!